“Egun berezia, Aberri Eguna, eta pertsona berezia, Iñigo Urkullu”
Andoni Ortuzar, Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak, Urkullu lehendakarirako hautagai gisa aurkeztu du Bilboko Plaza Barria gainezka jarri duten 5000 alderdikide eta lagunen aurrean
Lehendakariak esan du berak ez duela ontzat eman nahi gure semeak eta alabak gurasoak baino okerrago biziko direlako baieztapena: “Lan egin behar dugu hobeto bizi ahal izan daitezen, gizarte irekiago eta globalagoan, konprometituagoan eta iraunkorragoan, Euskadi berritzaileagoan”
“EBBk, aho batez, Iñigo Urkullu Renteria Lehendakarirako hautagai gisa proposatzea adostu du. Eta Iñigok proposamen hori onartu du. Egun handia gaurkoa, erabaki handia. Egun berezia, pertsona berezia. Oraingo Lehendakaria da eta, seguru nago, Euskadiko hurrengo lehendakaria izango dela. Eskerrik asko, Lehendakari, onartzeagatik. Eskerrik asko, lau urteetan zehar egindako lanagatik, Euskadiren alde emandako ordu eta orduengatik”. Hunkituta eta ilusioz beteta, Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek Aberri Eguneko diskurtsoa hasteko orduan iragarri du EBBk gaur goizean bertan Iñigo Urkullu proposatu duela 2016ko Euskal Hauteskundeetarako Lehendakarirako hautagai gisa. Iñigo Urkulluk proposamena onartu ondoren, alderdikide jeltzaleen onespena jaso beharko du. “Ez dira bat ere errazak izan Lehendakariari eta bere Jaurlaritzari tokatu izan zaizkien urteak: krisi ekonomikoa eta diru publikorik eza, aurreko gobernuaren oinordetza astuna, gatazka politikoak Estatuan eta Europan, krisia politikan, alderdi politiko berriak eta gizartearen haserrea…”, aitortu du Ortuzarrek. “Baina, hora hor zure Jaurlaritzaren emaitzak, Lehendakari: behera egin duen langabezia-tasa, oraindik guk nahiko genukeen baino altuagoa den arren; arazoak arazo eta oraindik jasotzen ari garen albiste txarren gainetik ere, gorako bidea hartu duen ekonomia; inguruan, hemendik ehunka kilometrora eurentzat nahiko luketen egonkortasuna erakundeetan, gainerako indar politikoekin etengabe hitz egiteko eta negoziatzeko erakutsi den jarrerari esker lortua; gure erakundeen egituraketa osoa, azken aldian Udal Legeari buruzko akordioaren bidez lortu dena, hogeita hamabost urte behar izan dituen Legea, zure agintaldian lortutakoa”, azpimarratu nahi izan du EBBren presidenteak...